jueves, 11 de marzo de 2010

Iruzkinaren unea da


Bagabiltza korapiloz beteriko historian barrena, bere ordoki eta muino inspiratuak, goi- lautada gogaikarriak eta ustekabeko malkarrak. Duela mende erditik hona higiezina nahi zen ikusmira kontinentalean, bere itxitura, hesi mugakide eta auzo-istiluekin, kokaturik, bonbek eta tankeek utzitako arrastoen arabera bilkuretatik paktuetara marrazturiko eternitate geografiko berri honetara ohituak ginen ia.
Dagoeneko, eternitate hau pitzatzen hasia da. Historiaren amaiera agintzen den momentu berean, ez du historiak hanka egiteko asmorik erakusten. Memoriaren itzuleraren zamapean jasotako ideien zolda kraskatzen da. Dudazko unea. Erdizka egi zentsuratuak eta erdizka dudazko zalantzak dituen oraina kezkatia, iragan agortezinak astinduz eta kolpeka botatzen duenaz kolpatua sentitzen da.
Ez dago, inolaz ere ez, gai sailkaturik. Benetako kriminalek eta hobendun faltsuek aldatuak dituzte mozorroak. Galdetegia berriro irekita dago.
Labirinto honetan benturatzeko asmotan, Walter Benjamín aukeratu dugu, ez gidari gisa, igarotzen duen lagun apal bezala baizik. Nork berrirakur ditzake, outsider errari eta errebelde honek baino hobe, tradizio kultural europar handien bidegurutzean hizkuntzaren, historiaren eta politikaren arrastoak?
Berak utzitako, eta indioaren zuhurtziaz ezabaturiko, aztarnetara atxikitako gara. Beti ere etengabe behin eta berriz hasten den eternitatera ihes egiteko modua emango ligukeen sasiz estalitako bidezidorraren bila. Bere galaxia malenkoniatsuan, bere izar bizkiak gurutzatuko ditugu eta frogatuko ditugu kidetasunez eta diskrezioz aukeratutakoaren erakarpenak. Noiz eta oraindik ibiligabeko bidexkak abiatzen diren bidebanatze niniñoenak aurkitu arte.
Iruzkinaren unea da.
Mesias helduezina, ikusi bezain pronto desagertuaren atzetik joko dugu. Ikusiko dugu nola uzten dituen, bere metamorfosien harian, erlijio eranskin zaharrak, sekularizatua eta laikotua, bere "agian"-en mutur-puntatik oraina zaurituz. Bere esperantza-printzipioa ez da gehiago izango orduan dohatasun-printzipio bat, ulergarritasunaren eta historiaren nahas-mahasean norabidearen printzipioa baizik.
Jatorriaren unea da.
Aurkituko dugu Benjaminen arrastoek harlatx batera eramaten gaituztela eta han garai ez- mekaniko batean, Jainkorik gabeko etika batean eta pentsamendu estrategikoaren bidezidor berritan zabaltzen direla izar-bidetan. Gurutze-bide berri honetatik Marxengana itzuliko gara, Marx bera mende honetako amesgaizto sukartsuetatik iratzartzeko.
Iratzartze eta ate-erdi irekiaren unea da.
Bidea eginez, eskuka-eskuka aztertuak izango ditugu arrazoi mesianiko baten itzulinguruak. Teoria eta praktikaren artean, beharrezkoa eta posiblearen artean, unibertsal eta singularraren artean elkartze-puntu bat izanik, bai ezagutza hermetiko baten sekretu gordeak eta baita zientzia sasi-demokratakoaren ziurtasun konpartituak uxatzen ditu.
Duela berrogei ta hamar urte, justu, Benjamin gelditu zen bere onetik aterea eta planeta honetaz erabat nekaturik, besarkada beldurgarritara emana baitzegoen. Sute horretatik ordenamendu txar bat eta oreka faltsua, errekontziliazio gaizki egina eta amnistia faltsuak, konpromiso tamalgarria eta ahaztura onartezinak sortu ziren. Agian Benjaminek aldez aurretik sumatua zuen ez zuela gaizki egindako mundu honetan lekurik izango. Bere gozotasun burugogor eta finak tinkotasun moldakaitza ezkutatzen zuen.
Igarotzailea, muga-lerroaren, bereizketa-puntuaren zaintzaile ernea ere bazen. Bere kaparen tolestura eretz eta lasaigarrietan zeraman disimulaturik aizto beldurgarriro zorroztuak. "Orain artean eromenari, handitzen joan dadin, azpia eman dioten eremuak luberritzera", "baso birjinaren sakonenera erakartzen duen horrorearen preso izan ez gaitezen arrazoiaren aizkora zorrotzarekin, ezker-eskuin begira gabe, alorrak irabaztera", deitzen zuen. Bake-gizon honek, espirituaren erresistentzia eta gerrilla guztientzat ezinbestekoa den arma zuria zuen gogoko.
Izan ere "lur-zoru osoa arrazoiaz luberritua eta eromenaren eta mitoaren sasietatik garbitua beharko luke izan".
1.- Joseba Barriola lagunak euskaratua, Walter Benjamin eta zentinela mesianikoari buruz Daniel Bensaidek idatzitakoaren zati bat dakartzagu “eztabaida” honetara. Keinu honekin, omenaldi xume bat egin nahi diogu zendu berria den lagunari, eta bide batez, zabaldu mezua: iruzkinaren unea da!

No hay comentarios: