Azken bi urteak frenetikoak izan dira. Ahal Dugu Europako hauteskundeetara aurkeztu zenetik, hauteskunde-prozesu bat bestearen atzetik eduki dugu, bai alderdian bertan bai erakundeetarako lehian. Aldaketaren aldeko mugimenduak jarrera desberdin asko bateratu ditu, eta askotariko ahotsak helarazi ditu parlamentuetara eta Estatuko hiri askotako gobernuetara. Alabaina, ez dugu PP gobernu zentraletik kentzea lortzen, eta orain etapa berri bati ekin behar diogu.
Behetik hasita eraikitzeko unea da, oinarri solidoak jarrita; alderdi-mugimendu deszentralizatu bat eraikitzeko prozesuan aurrera egiteko unea da, ondo egindakoak sendotuz eta gaizki egindakoak zuzenduz. Politika neoliberalen oposizio izateko unea da, eta aldi berean kontrabotereak eraikitzekoa auzoetan, lantokietan, unibertsitate eta institutuetan, plazetan. Eraldaketa sozialaren alde egiten duten politika ohiko bihurtzeko unea da; aukerako eta premiazko programa bat sortzekoa, austeritate-politikei eta krisi klimatikoari aurre egiteko. Horrez gain, irabazteko prestatzeko unea ere bada; hartara, hauteskundeak irabazten ditugunean, Europar Batasunaren eta botere ekonomikoen mugak beteko ez dituen herri autoantolatu bat izango dugu. Irabaztean, “Greziako lezioetatik” ikasi behar dugu. Irabaztean, demokrazia konkistatu behar dugu, merkatuen eta zorraren diktaduratik libratzeko.
Uste dugu borroka txikiak, mobilizazio handiak eta egunero-egunero gauza desberdinak egiteko dugun gaitasuna funtsezko oinarri izango direla horizonte eratzaile batera iristeko eta 78ko erregimenaren giltzarrapoak hautsi ahal izateko. Indar sozial hori behar dugu ekonomia jendearen zerbitzura jartzeko eta programa sendo bat aplikatzeko, ahal duena kudeatu beharrean dena aldaraziko duena, ezerk ez dezan berdin jarraitu.
Horretarako, beharrezkoa da norabidea aldatzea. Herri-mugimendu zabal bat eraiki behar dugu, hauei guztiei lekua egin eta protagonismoa emango diena: langileak, prekarioak, emakumeak, gazteak, erretiratuak, LGTBI mugimendukoak… Jendetza behar dugu, hainbat aldetatik gizarte berri bat eratu dezaten pixkanaka. Ez dugu beste alderdi itxirik behar, ezta beste aparaturik edo handikirik ere: jende xehe gehiago behar dugu politikan, eliteen aurkako gatazka soziala eraikitzeko. Noski, herri-unitate bat eraiki behar dugu haien jatorria edozein dela ere helburu gisa demokrazia eta justizia soziala dituzten pertsona eta kolektibo guztiekin. Iraultza demokratikoa abian jartzea ahalbidetuko duen herri-unitate bat, gizartearen gehiengoa osatzen duten langileen interesak lehenesteko gai izango dena.
Eztabaidatu, adostu eta proposamenak egin behar ditugu. Ahal Dugu funtsezko tresna izan da amaitzen ari den fase honetan, eta hala izan behar du orain datorkigun fase berrian ere. Ahal Dugu demokratikoa behar dugu, Vistalegretik defendatzen daramaguna; horretarako, botereak oinarrietan egon behar du eta ez idazkari nagusien eskuetan, zentroa lurraldeetatik eraiki behar da, aniztasuna behin betiko onartu behar da (Borda bezalako barne-hautaketarako sistemak erabiliz) eta burokratizazioaren arriskuei aurre egin behar zaie (pertsona batek bere gain izan ditzakeen karguak murriztuz). Ahal Dugu feminista bat eraiki behar dugu, agenda eta praktika feministak eguneroko jardueran barneratuko dituena eta matxismoaren eta patriarkatuaren adierazpenei aurka egingo diena gizarteko esparru guztietan.
Horregatik guztiagatik, kanporantz begiratuko duen Ahal Duguren Estatuko Biltzar bat behar dugu; halaber, biltzar horretan lantzeko dauzkagun gaiak argi lantzea behar dugu, alderdikeria eta manikeismorik gabe. Benetan eztabaidatu behar dugu, geure buruari buruz hausnartzeko, zabaltzeko eta bozkatu gaituzten milioika pertsonen aldaketarako gogoarekin konektatzeko, baita oraindik bozkatu ez gaituztenekin ere.
Hori dela eta, abenduaren 10ean prozesu ireki bat jarriko dugu abian, Ahal Dugu gehiago gertura dadin herri-klaseen beharrizanetara. Parte hartzera animatuko zara?
No hay comentarios:
Publicar un comentario